Genevako Unibertsitateko ikertzaileek guztiz berria den minerala topatu dute Frantziako Roua meategietan (Nizaren ondoan). Mineral berriak kobrea, artsenikoa eta ura ditu eta bere konposizio kimiko zehatza Cu3(OH)2As2O7 da. Teoparazeltsita deitu diote Parazeltso-ren omenez.
Animalien eta landareen erreinuak ehunka mila espezie ditu eta ez da hain arraroa izaten espezie ezezagunak aurkitzea. Mineralen munduan, ordea, ez dago hainbesteko barietatea eta gutxitan entzuten da mineral ezezagun baten berri. Mineral bat berritzat jotzen da propietate fisikoak, propietate optikoak, konposizio kimikoa eta egitura atomikoa besteetatik desberdinak direnean.