Diseinu-ezaugarri bereziak dituen teleskopio berri bat (NOT) jarri da martxan Kanariar Irletako La Palma-n. Danimarkak, Suediak, Norvegiak eta Finlandiak elkarlanean eraikitako teleskopio honek, bere tamainarako ispilurik arinena eta mehena du. f/2-ko ispilu primarioak 18 cm-ko lodiera bakarrik du eta bi tona baino gutxiago pisatzen du. Teknologia aurreratuko ispilua erabiltzeak 5 m-ko luzera bakarrik izatea posible egin du. Ondorioz domo txiki eta merkea nahikoa du.
NOTen ispilua zabalkuntzarik gabeko Zerodur izeneko beira zeramiko batez egina dago. Tenperatur aldaketek eragiten ez diotenez, ispiluak ez du arazorik bere formari eusteko. Ispilua mehea denez, azkar hozten da eta bere gainean bista lausotzen duten aire berozko poltsak ez dira sortzen. Teleskopioaren bereizmena arku-segundoaren erdikoa da.
NOT teleskopioa gauez eta egunez erabiliko da. Gauez, behaketa optikoak egingo dira eta egunez infragorrizkoak. Espero denez, NOTek batezbeste 20 orduz egingo du lan egunero.