Teknologia- eta ingurumen-auziak protagonista, CAF-Elhuyar sarietan

teknologia-eta-ingurumen-auziak-protagonista-caf-e

“Begiratu urrunera” lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak, Usurbilgo Sutegi aretoan. Zientzia eta teknologia gizarteratzeko dibulgazio-lanak eta egitasmoak aitortzea eta bultzatzea da sariketaren xedea, eta aurtengo leloa Isaac Newtonen aipu honi lotuta dago: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. 

CAF-Elhuyar sariketako parte-hartzaileek bete-betean egin dute bat leloarekin, lehendik egindako bidetik abiatuta, urrutira begiratu baitute. Horren adibide garbia da dibulgazio-artikulu orokorraren saria. Judith Zubia Aranburuk irabazi du, “Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko” izeneko artikuluarekin. Hain zuzen, datuen biltegiratze digitalaren auziari heldu dio, eta arazoa azaltzeaz gain, irtenbide bat ere azaldu du. Epaimahaiak gaiaren gaurkotasuna azpimarratu du, eta modu argian eta ulergarrian azaldu izana, egileak berak egindako irudien laguntzarekin. 

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren sariak ere badu zerikusia leloarekin. Mattin Urbieta Galarragak eskuratu du, “Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko”. Epamahaiaren iritziz, artikulu osatua eta landua aurkeztu du egileak, eta ondo azaltzen du zertan datzan tesia eta zer ondoriotara iritsi den bere ikerketan.

Urrutira begiratzeak ez luke gertukoa ez ikustea ekarri beharko. Eta hori berresten dute zientzia-kazetaritza kategoriako lan sarituak eta NEIKER sariak. Lehenegoa “Dragoi txiki bat egongelako horman” artikulua da. Iñaki Sanz Azkue da lanaren egilea, eta epaimahaiak zein ikuspegirekin landu duen nabarmendu du, bereziki. Izan ere, klima-aldaketari heldu dio, eta, gai horri buruzko artikuluek, askotan, hondamendi-kutsua izaten dute, epamahaiaren esanean. Sanz Azkuek, berriz, xumetik eta txikitik heldu dio, eta estilo argia eta atsegina erabili du. Artikulua Gaur8 astekarian argitaratu zuten iazko uztailean.

NEIKER sariak, berriz, lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du, eta aurtengo saritua Aitor Garmendia Etxeberria izan da, “Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean” lanari esker. Epaimahaikideen iritziz, aipagarria da, eztabaida handia sortzen duen gaia izanik, eztabaida horretan parte hartzen duten eragile guztien ikuspegiak azaldu izana.

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sokuntza-bekak eta Merezimendu Saria

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Jon Sánchez Carrascoren “Semiosi-genesi” proiektua da sarituetako bat, eta bestea Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren “Ia dena” lana.

Epaimahaiaren esanetan bi lan hauek adimen artifizialaren ertzak esploratzen dituzte,erabateko gaurkotasuna duen gaiari heldu diote hainbat alderdi uztartuta: artistikoa, filosofikoa, soziala eta teknologikoa. Bi proiektuak osagarriak eta bateragarriak dira epaimahaikideen ustetan; hori da beka ex aequo ematearen arrazoia.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar Merezimendu Saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxea kimikariak jaso du aitortza hori, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik, eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.

Saridunak ezagutzeaz gain, iaz sorkuntza-beka irabazi zuen proiektuaren emaitza ezagutzeko aukera izan da ekitaldian bertan, egilearen eskutik: Arantzazu Luzarraga Iturrioz. “Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean” zen proiektuaren izena, eta, ikerketa-lan sakon baten ondoren, mapa berezi bat sortu du. Ekitaldian, maparen ezaugarriak azaltzeaz gain, ale bana eman dio bertaratutako jendeari, eta informazio guztia zein mapa bera eskura jarri ditu, edonork ikusi, jaitsi eta inprimatzeko moduan.

Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetari eta idazlea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo-arduraduna. Neikerreko sari berezia aukeratu dutenak, berriz, hauek izan dira: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna, eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila