Taula periodikoan 117. posizioari dagokion elementua sortu eta detektatu dute Errusiako JINR ikerketa nuklearretarako institutuan. Azken urteotan, institutu hori izan da elementu gehien sortu dituen erakundea, han sortu baitzituzten 113. elementutik 118. elementura bitartekoak, 117.a izan ezik. Azkenean hura sortzea ere lortu dute, kaltzio-48 ioiak berkelio elementuaren isotopo baten kontra jaurtiz. Bost hilabetez etengabe eragin zituzten talkak, eta horietatik sortutako atomo guztien artean 117. elementuaren sei atomo detektatu ahal izan zituzten. Oraingoz, ununseptium izena eman diote, 117. zenbakiaren latinezko izena.