Amblyrhynchus marins espezieko iguana Galapago irletan bizi da eta itsas alga berde eta gorriak dira bere dietaren osagai nagusia.
Ikertzaileek 18 urtetan aztertu dituzte eta azterketa horietan erroreei egotzitako neurri-aldaketak nabaritu zituzten. Ikerketen berrikuspenek eta neurketa berriek, neurri-aldaketak benetakoak zirela aditzera eman dute, ordea. Galapagoetako iguana horrek gosetea denean bere tamaina % 20 txikiagotzeko gaitasuna du, txikiagotzeak eskeletoa ere barne hartzen duelarik. Iguanaren txikiagotze-periodoak El Niño efektuaren urte latzenetan izan ziren, Ozeano Bareko uren tenperatura aldaketen ondorioz alga berde eta gorriak desagertu ziren garaian hain zuzen.
1997-98 urteetan iguanek ia 7 cm galdu zituzten, aldaketa nabarien jasan zutenak ale emeak izan zirelarik. Zentimetro bat galtzeak % 10 handitzen du iguanen biziraupena. Baina harrigarriena ez da tamaina galtzeko gaitasuna: gosetea amaitutakoan iguanek hasierako neurria berreskuratzen dute berriro.