Suzko bolak —ekaitza dagoenean ikusten diren bola argitsuak— fenomeno arraroak baina egiazkoak dira. Neurriz tenis-pilota eta hondartzako pilota bitartekoak izaten dira, segundo batzuetako iraupena izaten dute eta, lekukoen arabera, kolore zuria, laranja edo urdina dute; lehertu edo bat-batean desagertzen dira.
Zientzialariek urteak daramatzate ekaitzak direnean soilik izaten diren fenomeno bitxi horiek azaldu nahian eta Zeelanda Berriko bi ikertzailek teoria interesgarria plazaratu berri dute: haien ustetan erretzen ari diren silizio-kateak dira suzko bolak.
Lurzoruan silizio oxidoa eta karbonoa ugari dira eta tximistak lurra jotzen duenean, sortzen den berotasunari esker molekula horietako batzuk lurrundu egiten dira, nanopartikulaz osaturiko sareak eratzen dituztelarik. Partikulak ezegonkorrak direnez, erre egiten dira eta suzko bolak ikusten ditugu. Teoria honek suzko bolen ezaugarri asko azaltzen ditu, hala nola airean flotatzen dutela zergatik diruditen —nanopartikulak oso arinak dira— edo tximisten ondoren zergatik sortzen diren. Zeelanda Berriko ikertzaileen azalpena egokia izan daitekeen arren, oraindik azterketa gehiago egin beharra dago.