Jakin badakigu superreroankortasunak tenperatura hotzetan lortu direla. Baina, bere ezaugarriak erabiliz produktuak merkaturatu nahi badira, funtzionamendu-tenperaturak ingurugiro-tenperaturatik oso urruti ezin du egon.
Hau dela eta, "tenperatur igoera" deituriko lasterketan hasi ziren ikerlariak. Orain errekor berria –145 °C-tan kokatu dute Peter Edwards, Ry-Shi-Lin eta Jeffrey Tallon ikerlariek.
Hauek talio, bario, kaltzio, kobre eta oxigenoz osaturiko material zeramiko batekin saiakuntzak eginez lortu dute aipatu errekorra. Baina material zeramikoa superreroankor bihurtzeko talka-tratamendua egin behar izaten da. Tratamendu hau ondokoa da: 5 tona zentimetro karratuko presioz konprimatu; ondoren hiru ordutan 910 °C-tan mantentzen da eta gero 10 egunetan 750 °C-tan; azkenik, oxigenozko eta nitrogenozko atmosferapean materiala suberatu egiten da.
Prozesu honetan material zeramikoak bere pisuaren % 5 galtzen du. Pisu-galera honela gertatzen dela esaten dute ikerlariek: talio-ioiak galtzen dira katioi-zuloak sortuz eta zulo hauek dira, hain zuzen ere, materialaren superreroankortasuna kontrolatzen dutenak.