Suntsipen handiena

Orain dela 500 milioi urte gertatu al zen suntsipen handiena? Kaliforniako unibertsitateko ikerlari den Phil Signor-ek horixe pentsatzen du.

Eboluzioaren gurpilean Kanbriarra oso aldi garrantzitsua da; maskor gogorreko lehen animaliak orduan azaldu bait ziren. Kanbriar aldiaren hasierako Tommotiar garaian maskordun animalia txikiak azaldu ziren. Gerora, trilobiteak, txirla itxurako brakiopodoak eta arkeoziatido izeneko maskor gogorreko eta belaki itxurako animaliak azaldu ziren.

Paleontologoek maskor txikiko fauna eta arkeoziatidoak Kanbriarraren hasierako amaieran desagertu zirela bazekiten. Lur osoko datuak aztertu ondoren, Signorrek suntsipenak aldiberekoak izan zirela dio. Bere iritzian, Kanbriar hasierako Botomiar garaiko gorputz gogorreko animalien % 83k, Kanbriar hasierako amaierako Toyoniar garaian ez zuen bizirik irauterik lortu. Garai honetako organismoen dibertsitatea, Botomiar garaikoekin konparatuz % 35ekoa zen eta jenero horretan desagerpen-erlazioa % 77koa izan zen.

Signorrek dioenez, Botomiarrean gertatutako suntsiketa handia, 245 milioi urte geroagoko Permiko aldian gertatutakoa baino askoz ere handiagoa izan zen. Orain arte uste izan denez, Permikoan gertatu zen suntsipenik handiena.

Botomiarrean gertatutako suntsipena, batez ere, maskor txikiko faunari eta arkeoziatidoei eragin zien. Adibidez, trilobite botomiarretatik % 70 desagertu omen zen, baina beste kasu batzuetan ez bezala, beste trilobite batzuek ordezkatu zituzten.

Signor Siberiarako garatutako sistema errusiar batean oinarritu da eta ondoren estrapolazioak egin ditu. Hala ere, zenbait ikerlari ez dator bat Signorrek erabilitako lan-metodoarekin eta eztabaida pil-pilean dago orain.

Gaia garrantzitsua da; ikerlari asko bait dago eboluzioaren ardatz nagusiak finkatu nahian. Beraz, irakurle, uste baino lehen gai honekiko informazioa ugalduz joango da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila