Ugaztun guztiek izaten dute sukarra oso gaixo daudenean, eta, antza denez, odol hotzeko animaliek ere beroa bilatzen dute gaixotzen direnean. Nolabait, badirudi beroak lagundu egiten duela mikroorganismoen aurkako borrokan. Nola, ordea?
Sukarrak linfozitoen mugimenduan duen eragina aztertu dute hainbat ikertzailek, eta Nature Immunology aldizkarian argitaratu dute ikerketaren emaitza. Haien arabera, sukarrak odol-fluxua areagotzen du; horren ondorioz, lehen baino linfozito gehiago sartzen dira linfa-gongoiletara. Izan ere, gongoiletan borrokatzen dira linfozitoak patogenoen aurka, baina odolean doazen linfozito denak ez dira sartzen gongoiletara. Dena den, zenbat eta handiagoa izan odol-fluxua, orduan eta linfozito gehiagok dute sartzeko aukera.
Ez da hori guztia, ordea. Linfa-gongoiletara sartzeko, gongoilen ehunean dauden molekula batzuetara itsasten dira linfozitoak. Bada, ikertzaileek frogatu dutenez, atea irekitzen duten molekula horiek areagotu egiten dira sukarraren ondorioz.
Sukarra zergatik izan daitekeen onuragarria ulertzen lagundu du ikerketak. Horrez gain, ikertzaileek uste dute baliagarria izan daitekeela infekzioen eta minbizien aurkako tratamendu berriak sortzeko.