Naturan zenbait intsektu, txori, narrasti eta ugaztun eme, ar askok, bata bestearen atzetik, estaltzen du. Gertaera honen arrazoiak ez daude batere argi oraindik.
Badirudi batek bakarrik estaltzea nahikoa izango litzatekeela. Izan ere emearentzat askok estaltzea (energiaren ikuspegitik, behintzat) oso neketsua izango bait daiteke.
Ekologo suediarrez osatutako talde batek hamar urte darama "Vipera berus" sugegorri mota aztertzen. Ekologo hauen arabera, estalketa-kopurua handiagotu ahala, jaiotako kume-kopurua handiagoa izaten omen da.
Nola hartu dute ekologoek erabaki hau?
Estalketa bakoitzaren ondoren, emeek arraren esperma traktu genitalean gordetzen dute. Espermatozoideak ez dira hilabete batzuk igaro arte askatuko; obulazioa izan arte, hain zuzen ere. Ikerlariek, estalketa-kopuruaren eta hilik jaiotako sugegorri-kopuruaren arteko erlaziorik badagoela diote, hau da, estalketa-kopurua zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta kume gutxiago jaiotzen da hilik.
Esandakoa begien bistakoa baldin bada ere, zergatik gertatzen den frogatzea zaila da. Badirudi espermatozoideen artean lehia sortzen dela eta lehia horretako onenak iristen direla obulura. Beraz, zenbat eta estalketa gehiago izan, espermatozoide onen kopurua ere hainbat eta handiagoa izango da.
Hau esatea gauza bat da, baina frogatzea beste bat. Froga, arrasto genetikoak aztertuz egin beharko da. Beraz, ikerketa berrientzako bidea zabalik dago.