Afrikako plaka tektonikoa Europakoaren azpira hondoratzen ari zen, baina mugimendu hori geratu egin da, eta kontrakoa egiten hasi da; beraz, subdukzio-eremu berri bat sortu da. Adituek diote oso gutxitan gertatzen dela hori.
Milioika urteko prozesua da, eta oso konplexua. Europako Geozientzien Batasunean aurkeztutako ikerketa baten arabera, bi plakek Turkian egiten dute talka, eta, denboraren poderioz, talka horrek eten egin du Afrikako plakaren iparralderako mugimendua. Mediterraneoaren erdialdean, aldiz, Afrikako plaka Europakoaren azpian zegoen sartuta, baina zati hori puskatu egin da, eta Lurraren mantu aldera hondoratu da; hala, sortu den ertz berriak gorantz egin du, arina delako. Mugimendu horrek guztiak Europako plakari ere eragin dio. Hegoalderantz mugitzeari ekin dio, eta, pixkanaka, Afrikako ertz berriaren azpian hondoratzen hasi da. Hori da subdukzio-eremu berria.