Duela urte batzuk, Delaware-ko Ingeniaritza Eskolako parte den Konposite Materialen Zentroak ACRES programa jarri zuen martxan, iturri berriztagarrietatik konposite errentagarriak lortzeko helburuarekin. Richard P. Wool ingeniari kimikoa programa horretako kidea da; bere ustean, soja-olioa industriarako plastikoa egiteko erabil daiteke. Orain arte, zentro horretako ikertzaileek soja erresistentzia handiko plastikoa egiteko erabili dute; plastiko horrekin, traktoreen osagai gehienak egin litezke, baita pneumatikoak ere.
Soja plastiko bihurtzeko, petrolioak jarraitzen duen prozesuaren antzekoa jarraitu behar da. Sojak, hala ere, badu abantaila bat: aldaketa genetikoak eginda, nahi diren ezaugarriak lor daitezke. Horretaz gain, zurak baino ezaugarri fisiko hobeak ditu, erraz degradatzen da eta, munduko leku askotan ereiten denez, ez luke petrolioak sortzen duen monopolioa sortuko. Wool-en arabera, eraikuntzan eta altzarigintzan ere erabil daiteke.