Eragin ote diezaioke XVII. mendeko klimak biolinista bati? Stradivarius bat jotzen dutenei agian bai, klimaren arabera egur ezberdina ematen baitute zuhaitzek, eta biolinistak trebeak baitziren egur egokiena aukeratzen.
Zuhaitzen enborretako eraztunak ikertzen dituen zientzialari bat eta klimatologo bat elkarlanean aritu dira munduko biolin ospetsuenen egurra aztertzeko. Klimatologiako adituaren arabera, XVII. mendean hotzaldi bat izan zen Europan, eta tenperatura minimoak 1645. urtean izan ziren, Antoni Stradivari ospetsua jaio baino urtebete lehenago, hain zuzen ere.
Tenperatura horien erregistroa dendrokronologoak baieztatu du, hau da, zuhaitzen enborretako eraztunak ikertzen dituen zientzialariak. Horretarako, biolinak ez ezik, garai hartako altzariak ere aztertu ditu. Pieza horietako egurrean islatzen da tenperaturaren eragina; orduko enborrek ondorengoek baino eraztun meheagoak dituzte, eta egurra trinkoagoa da.
Zientzialarien ustez, egurra trinkoa izateak lagun dezake azaltzen zergatik duten Stradivariusek duten sonoritatea. Dena dela, beste fisikarien arabera, ez da oraindik frogatu egur trinkoak erresonantzia-ahalmena handitzen duenik biolinetan.