Sobietarren eskaintza espaziala

Sobietar Batasuna, mendebaldeko sateliteak espazioan jartzeko bezero bila hasi da.

Licensintorg konpainiak, Sobietar Batasuneko espazio-agentziaren adar komertzialak, akordio bat sinatu du Jardine Galnvill aseguru-konpainia ingelesarekin mendebaldean bere agente izan dadin.

EEBBk ez daude oso ados sobietarren asmoekin. Mendebaldeko Herrietara abisua pasatu dute zera esanez: sateliteak jaurtiak izan daitezen Sobietar Batasunera eramatea, ekialdera teknologia esportatzeko dauden arauak apurtzea izango litzatekeela. Hala ere, amerikarren espazio-programa maldan behera joan delako, EEBBtan bertan bere sateliteak sobietarren bidez jaurti nahi dituen konpainia pribatu asko dago.

Bezero posibleek sobietarren edozein jaurtigailu erabil dezakete beren satelitea espazioan jartzeko. Proton izeneko jaurtigailuak adibidez 20 tona jar ditzake orbita baxuan, Martitz edo Artizarreko bidean 5 tonako zunda edo 2 tonako komunikazio-satelitea orbita geoegonkorrean.

Bestalde, Proton jaurtigailuek arrakasta handia dute. 1970.etik hona egin diren 97 jaurtiketetan 7k bakarrik huts egin dute. Hots, oso fidagarritasun handia dute. Europarren Arianeek berriz, 18 jaurtiketatan 4k huts egin dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila