Sobiet batasuna izandakoan segurtasun-arazoak

San Petersburg-etik hurbil dagoen Sosmovy Bor-ko zentral nuklearrak martxoaren erdialdean matxura bat izan zuen.

Zentral nuklear hau Txernobil-en lehertu zenaren mota berekoa da eta igorri duen erradiazioa 2 mailakoa, hots, leuna, izan da.

Gertaera hau, ekialdeko estatuetan dagoen arazo larri baten zati txiki bat besterik ez da. Arazoa oro har, hauxe da: "zentral nuklearretako materialak ez du fidagarritasunik, ez propietateetan eta ez eraikuntz egituretan, eta gainera zaharkitzen ari da".

Energia atomikorako nazioarteko agentziak dioenez, sobietarrek sortutako VVER-4401220 motako 10 erreaktore nuklear arriskugarri dira.

Txekoslovakian, Bulgarian eta Errusian instalaturik daude aipatu erreaktoreak eta akats ugari detektatu dira. Besteak beste, erradioaktibitateak ihes egiten duen kasurako hormigoizko babesak falta dira; erreaktorearen bihotzean arraildura-arriskua dago; sute kasurako ez dago beharrezko babesik eta kontrol-sisteman akatsak daude.

Energi egoera dela eta erreaktore hauek 1995. urterarte funtzionatu beharko lukete, baina horretarako segurtasun-neurriak hobetu egin beharko dira, mendebaldekoen laguntza ezinbestekoa izango delarik.

Joan den urtean Sosmovy Bor-ko zentral nuklearrak bi larrialdi-eten izan ditu eta epe berean Errusiako parke nuklearrak programatu gabeko 156 etenaldi ere bai.

Datu hauen aurrean Txernobil-en gertatu zena berriro errepika daitekeela ikusten da eta arazoa ez da errusiarrentzat bakarrik izango, noski.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila