Saguzarrak ultrasoinuak igorri ditu. Oihartzunak inguruan sits bat dagoela adierazten dio; hortaz, sitsa dagoen lekura doa, ehizara. Han ez dago sitsik, ordea. Bertholdia trigona sitsak ziria sartu dio.
Horrela hasten da, gutxi gorabehera, Sciencen webgunean sits-espezie horrek saguzarretatik ihes egiteko erabiltzen duen mekanismoaren azalpena. Segidan dator kontuaren gakoa: sits-espezie horrek saguzarren ekolokazio-sisteman interferentziak sortzen ditu, igortzen dituen ultrasoinuen bitartez.
Beste sits-espezie batzuek ere igortzen dituzte soinuak, abdomenean duten mintz batekin, baina ikertzaileek orain frogatu dute saguzarrek erabiltzen duten maiztasun berean igortzen dituela B. trigonak.
Mekanismoak nola funtzionatzen duen ikusteko, B. trigona espezieko eta beste espezie batzuetako sitsak jarri zituzten saguzarren eskura Ipar Carolinako Wake Forest Unibertsitateko biologoek; batzuek abdomeneko mintza osorik zuten, eta beste batzuek, erauzita. Kasu bakoitzean gertatutakoa grabatu zuten, infragorri-kamerarekin. Hala, B. trigonaren trikimailua zuzenean ikusteaz gain, benetan eraginkorra dela baieztatu dute: saguzarrek lau aldiz errazago topatzen zituzten gainerako sitsak mintza osorik zuten B. trigona espeziekoak baino.