Galio artseniurozko zelulak errezago eta merkeago sortzeko bide bat asmatu dute
Galio artseniurozko eguzki-zelulak eskala handian produzitzeko modu bat garatu dute Illinois Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Ohiko siliziozko zelulen eraginkortasuna halako bi dute galio artseniurozkoek, argia jasotzeko gaitasunari dagokionez. Hortaz, eguzki-zelulez gain, infragorria detektatzeko gailu eta telefono mugikorretarako osagai askoz hobeak egin daitezke galio artseniuroarekin. Eguzki-zelulen kasuan, jasotzen duten eguzki-energiaren % 40 bihurtzen dute elektrizitate.
Aspalditik dakite zientzialariek galio artseniurozko erdieroaleak siliziozkoak baino hobeak direla, baina orain arte oso garestia zen haien fabrikazioa. Izan ere, oso zorrotz kontrolatutako kondizioetan, galio artseniurozko olata lodi batzuk fabrikatu ohi dira, eta, ondoren, olata horien azaleko geruza fin batzuk baino ez dira erabiltzen.
Illinoisko ikertzaileek garatutako sisteman, galio artseniurozko eta aluminio artseniurozko geruza finak txandaka eratu dituzte. Gero, geruzak elkarrengandik kimikoki bereizi eta galio artseniurozkoak beirazko edo plastikozko gainazaletan itsatsi besterik ez dute egin behar izan.