Paris Sud Unibertsitateko ikertzaile-talde batek orain artekoa baino 10 aldiz sentikorragoa den argazki-pelikula sortu du.
Garai bateko beirazko plakak plastikoak ordezkatu baditu ere, argazkigintzaren atzean dagoen kimika ezer gutxi aldatu da azken 150 urteetan. Argazki-pelikulak zilar bromuroz osaturiko gelatina-geruzaz osaturik daude eta argia jasotzean, bromuroaren elektroi bat zilarrera pasatzen da. Horren eraginez, zilarra metal moduan metatzen da pelikula gainean eta argazkiaren negatiboa osatzen da.
Trukatu beharreko elektroi asko, ordea, bidean galtzen dira eta argitasun gutxiko uneetan eginiko argazkiek kalitate eskasa izaten dute askotan. Paris-ko ikertzaileek sortutako pelikulan berriz, askoz elektroi gutxiago galtzen dira bidean eta, argi gutxirekin ere, irudi oso aratzak sor daitezke.
Sentikortasun handiko pelikula horrek formiato deritzon substantzia erabiltzen du elektroiak ez galtzeko eta nahiz eta oso emaitza onak izan dituen, proiektuaren jabe den Agfa etxeak oraindik ez daki noiz merkaturatuko duen.