Sener enpresa euskaldunak eta CNIM-Martin talde frankoalemanak Bizkaiko zaborrak errausteko plantaren eraikuntza antolatuko dute. Lehenik eta behin, eraikitze-lanetan parte hartuko duten enpresak hautatzeari ekingo diote, eta Zabalgarbi sustatzaileak hauetako % 80 enpresa euskaldunak izatea nahi duela adierazi die antolatzaileei.
Lanak datorren ekainean hastekoak dira, baina enpresek hautaketa-hasiera atzera dezaketela uste da. Parte har dezaketen enpresetakoa Babcock Wilcox da, Zabalgarbiren tituluen % 5aren jabe dena, eta duela gutxi Xangai hiriko errausketa-planta eraikitzea hitzartu duena.
Zabalgarbiren nahia errauskailua 2001. urterako prest egotea da, eta erretako tona zabor bakoitzeko 6.100 pezeta inguru kobratuko dituela adierazi du. Bizkaiko familia batek gutxi gorabehera tona-erdi zabor produzitzen du urtean.