Fisikariek indar berri bat aurkitu dute naturan; seigarren indarra alegia. Lan honek grabitateak bi osagai ez-newtondar (bata erakartzailea eta aldaratzailea bestea) dituela konfirmatzen du.
Massachusetts-en dagoen EEBBetako Geofisika-Laborategiko ikerlariek, grabitate-indarra sendotzen duen beste bat aurkitu berri dute. Indar berri honek, 200 metrorainoko distantzian eragiten du. Duela gutxi beste fisikari batek, Frank Stacey-k, metro gutxiko distantzian grabitatea ahultzen duen indar bat aurkitu du.
Lehenengo begiratuan bi emaitza hauek kontrajarriak dirudite. Baina Stacey-ren ustetan bi indar hauek elkarturik bizi daitezke arazorik gabe.
Talde amerikarrak grabitatearen azelarazioa, 600 m-ko telebista-dorre batean neurtu dute altuera desberdinetan. Grabitatearen erakarmena bost hamarmilioirenetan sendotzen duen indar bat aurkitu dute. Eragin posible guztiak (mareak, urmailaren aldaketak eta dorrearen eta airearen erakarmen grabitatorioa) kontutan hartu ondoren, sendotzeak segitu egiten zuen. Sendotze hori, neurketan itxaron zitekeen errorea baino hamar aldiz handiagoa zen.
Amerikarrek ez zuten erakarpen-indarra topatzea nahi; kontrakoa baizik.
Zientziak lau indar nagusi onartzen ditu: grabitate-indarra, elektromagnetikoa, indar nuklear ahula eta indar nuklear bortitza. Lehenengo biek distantzia handitan lan egiten dute eta besteek atomo barneko distantzietan.
Teoria kuantiko grabitatorio modernoen zenbait bertsiok, grabitatearen bi osagai berriak (bostgarren eta seigarren indarrak alegia) partikulatzat hartzen ditu. Partikula hauek indar elektronmagnetikoarekin erlazionatuta dauden fotoien modukoak lirateke. Partikula hipotetiko hauek grabifotoia eta grabieskalarra dira hurrenez hurren. Hauen masa oso txikia izango litzateke; 110 -9 elektronvoltekoa. Protoiaren masa adibidez, 938 milioi elektronvolt-ekoa da. Grabifotoia eta grabieskalarra, partikularik arinenak izango lirateke.
Guzti honek guk ezagutzen dugun grabitatearen legean eraginik ez du (planeta eta izarren higidura kalkulatzeko alegia), baina fisikaren teoria bateratua lortu nahi duten fisikarien kasuan bai.