Segundoko hogeita lau

Multimediaren arloan berrikuntza aipagarriak gertatu badira ere, filmeren bat ikusi nahi dugunean ez zaigu burutik pasa ere egiten etxeko PCaren pantailan ikusten hastea; gaur gaurkoz, izan ere, irudien kalitateak negargarria izaten segitzen du. Horra hor, beraz, informatikarien erronka berria: filmea ordenadore-pantailan telebistan bezain ongi ikus dezagun lortzea. Eta itxura guztien arabera, ahaleginaren lehen fruituak ezagutzen hasiak gara.

Microsoft etxeak iragarri duenez, kalitate oneko filmeak laster ikusi ahal izango ditugu PCren multimediatan. Konpresio-sistema aurreratu bati esker, segundoko hogeita lau irudi lortu ahal izango direla esan dute.

Irudi mugikorrak PCko pantailan ikusteko biderik egokienetakoa konpresio-sistema bikain bati esker lortu da. Sistema horrek irudi bakoitzari dagokion informazio berria baino ez du gordetzen eta deskodetzen. Berrikuntzak ordea, arazo nagusi bat du: potentzia handiko PCaz gain, aparteko hardware-a beharrezkoa da eta beraz, filmea dexente samar ikusteko poltsikoa astindu egin behar da.

Aparteko hardwarerik erabili gabe ere, irudiak kalitatez ikus daitezke. Esaterako, CD batean gorde dugun filmea konpresio-sistema bera erabiliz ikus daiteke. Metodo horren bidez, irudiak ikusi ahal izateko Windows programa behar da.

Bestalde, Microsoft etxeak ekainerako filmeak kalitate hoberenarekin ikusi ahal izango ditugula agindu du. VHS kalitateko irudiak eta musika estereoan. Gutxieneko bitartekoak, gutxienez 90 megahertz-eko PCa eta ActiveMovie izeneko programa dira. Softwarea irudiak deskodetzeaz arduratuko da eta gainera, segundoko hogeita lau irudi emango omen ditu. Filmea aukeratu eta itxaron dezagun bada, ekainera arte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila