Europako Agentzia Espazialak zunda bat bidaliko du datorren urteko urrian Saturnoko Titan satelitera. Huygens zundarekin batera, NASAko Cassini untzia abiatuko da Saturnoko lau sateliteetatik handiena ikertzera.
Titanen eta Lurraren atmosferak oso antzekoak dira eta ez da Eguzki-sistema osoan horrelakorik. Satelite handi honen gainazala, era berean, laku eta kontinentez osatua dago; hauetan metano eta etanoaren arteko nahasketa interesgarri bat egon daitekeela uste dute ikertzaileek. Elementu hauek, Eguzki-erradiazio eta izpi kosmikoekin kontaktua egiterakoan, Lurra sortu zenean gertatu ziren erreakzio kimiko berdinak sor dezakete, zientzilari batzuen ustez. Erreakzioak eta nahasketak aztertuz, Lurraren biziari buruzko hainbat alderdi ilun argi daitezkeela uste da.
Huygens zunda Titango atmosferara iristerakoan, 2.000 ºC inguruko tenperaturak jasan beharko ditu, baina aparatuaren barrualdeak ezingo du 180 gradu baino gehiagoko tenperatura gainditu. Honenbestez, tenperatura-aldaketa horiek gainditzeko, silizezko ezkutu batek babestuko du zunda.