Erranunkulazeoen barruan landare gehienak belarkarrak izaten dira, nahiz eta batzuk zurezkoak edo igokariak izan. Normalean hemafroditoak dira eta gehienbat Ipar Hemisferioko lurralde epel eta beroetan banatuta daude, baina ia banaketa kosmopolita dutela esan behar. Bere baitan 50 genero eta 1.800 espezie inguru ditu, hauetatik Iberiar Penintsulan 28 genero eta 146 espezie daudelarik. Espezie toxiko asko ditu eta beste batzuk apaingarrietarako erabiltzen dira.
Aztertzen ari garen Clematis generoak landare bizikorrak eta normalean igokariak ditu, behealdean zurtoina zurezkoa dutelarik. Penintsulako 6 espezie desberdinetatik Euskal Herrian 3 daude: aztergai dugun Clematis vitalva, C. flammula eta C. recta.
Ahien zuria, esan bezala, landare igokaria da, behealdean zurtoina zurezkoa eta hosto pinatisektuak ertz osokoak edota zertxobait hortzakatuak dituelarik. Loreak, berriz, zima panikuliformeetan daude. Kamutsak zuriak edo zuri berdeskak dira. Normalean ekainetik abuztura bitartean loratzen da.
Heskai, sastraka eta zenbait basotan azaltzen da ia Europa osoan eta Euskal Herrian ere geografia guztian zehar banatzen da. Atlantikoko isurialdean arrunta da eta hegoaldean ibar-basoetan eta urbazterretan babesturik geratzen da.
Espezie hau sendabelar modura erabili izan da eta bere osagaiak, besteak beste anemonol eta saponina dira. Buruko minak sendatzeko asmoz eta usin egin ahal izateko erabili ohi da, baina bere zurtoin eta hostoak oso narritagarriak direnez, larruazalean inflamazio handiak sortzen dituzte. Garai batean eskaleek bere gorputzean zauriak egin ahal izateko landare hau erabiltzen zutela esaten da. Bestalde, bere adarrak otarrak egiteko eta haziak erregai modura erabiltzen zirela jakin dugu.
FITXA TEKNIKOA Familia: erranunkulazeoak |