SARS-CoV-2 birusa aurkitu dute bisoi basati batean, AEBn

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

sars-cov-2-birusa-aurkitu-dute-bisoi-basati-batean
Bisoi amerikarra. Arg. Brendan Lally/CC-BY

AEBko Albaitaritza Zerbitzuen Laborategiak baieztatu du SARS-CoV-2 birusa aurkitu dutela bisoi basati batean. Hain zuzen, urrian, Nekazaritza Saileko Animalien eta Landareen Osasuna Ikuskatzeko Zerbitzuak azterketa bat egin zuen Utahn, Michiganen eta Wisconsinen, eta Utahko bisoi-haztegi baten inguruan jasotako lagin batean isolatu dute birusa; gainerakoak negatibo ziren. 

Animalien Osasunerako Mundu Erakundearen arabera (OIE), animalia batzuk SARS-CoV-2 birusarekin kutsatzen direla frogatu den arren, pertsonak beste pertsonen bitartez kutsatzen dira. Hala ere, animaliak, basatiak zein etxekoak, birusaren gordailu bihur daitezke, eta hori arriskutsua izan daiteke, birusak haietatik gizakietara jauzi egin dezakeelako eta haren eboluzioa azkartu daitekeelako. Gainera, mehatxatutako espezieentzat ere arrikutsua litzateke birusa animalietara hedatzea.

Halaber, OIEk ohartarazi du kutsatuta dauden edo egon daitezkeen pertsonek ez dutela kontakturik izan behar haztegietako eta etxeko animaliekin zein basatiekin. Europako bisoi-haztegietan izandako agerraldien jatorria, hain zuzen, infektatutako langileak izan zirela uste dute. Horrenbestez, neurriak hartu dituzte haztegietan, eta ingurumen basatian ere zaintza egin behar dela adierazi dute albaitariek eta ekologoek.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila