Diru publikoarekin finantzatutako ikerketen emaitzak denen eskura hasieratik egon daitezen, Erresuma Batuko gobernuak eta Europako Batzordeak sarbide irekiko argitalpenaren aldeko apustua egin dute. Erresuma Batuan 2013ko apirilean sartuko da indarrean neurria. Europako Batzordeak, berriz, Horizon 2020 ikerketa-programako proiektuei ezarriko die. Helburua da Europan diru publikoarekin finantzatutako ikerketa-artikuluen % 60 sarbide irekikoak izatea 2016rako.
Sarbide irekiko argitalpenetan, irakurleak ez du dirurik ordaintzen edukia eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi, ordea, doakoa denik. Izan ere, argitaratu nahi duenak ordaintzen ditu argitalpenari loturiko kostuak (kidekoen errebisiotik hasi eta papereraino). "Urrezko" sarbide irekia esaten zaio sistemari. Sarbide itxiko argitalpenek, berriz, irakurtzeagatik kobratzen dute. Eta sistema "berdea" deritzonaren bidez irekitzen da sarbidea eduki itxi horietara. Diru baten truke, ikertzaileek baimena eskuratzen dute lanak libre eskaintzeko, argitaratu eta urtebeteko epean normalean.
Gaur egun, sarbide irekiko sistema berdea da ohikoena, urrezkoa azkar hazten ari den arren. Erresuma Batuan, esaterako, 2010ean argitaratutako 85.215 ikerketa-artikuluen % 35 argitaratu zen sarbide ireki berdearen bidez, eta % 5 urrezkoaren bidez. Mundu osoan % 12 izan zen 2011n, eta % 30 hazi da urtez urte, Elsevier-en Scopus datu-basean jasotakoaren arabera. Sarbide ireki berdea baztertu gabe, Erresuma Batuak zein Europako Batzordeak urrezkoaren alde egin dute beren adierazpenetan.
Haiek bezala beste askok ere ikerketaren irekitasun filosofia hobetsi beharra aldarrikatzen dute neurria defendatzeko. Erabakia kritikatzen dutenek, aldiz, argudiatzen dute mesedea eta irabaziak urrezko sarbide irekiko argitalpenen lobby-arentzat izango direla, ez ikerketarentzat. Ertz askoko eztabaida da, eta ekonomikoki esanguratsua. Erresuma Batuko gobernuak eskatutako txostenaren arabera, urtean 220 milioi euro gastatzen dituzte ikerketen argitalpenak bideratu eta eskuratzeko. Sarbide erabat irekiaren aldeko hautuak 60-75 milioi euro handituko du urteko inbertsioa.