Sar ezazu Neanderthala zure bizitzan!

Araolaza, Oier

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiak Europan batera bizi izan ziren garaiaz hamaika galdera eta erantzun gutxi dituzte paleoantropologoek. Izan al zen bi taldeen arteko kontakturik? Eta harremanik? Ideiak eta teknologiak trukatu al zituzten? Gizaki traza hartu al zioten elkarri? Zergatik desagertu ziren Neanderthalak?
Galdera-andana eta erantzun urrien orube horretan, hutsuneaz baliatuz, bere etxea eraikitzen saiatu da Joao Zilhao arkeologo portugaldarra. Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiak batera bizi izan ziren garai horretaz teoria ugari plazaratu izan dira. Zenbaiten ustez bi taldeek, lurralde bertsuetan bizi izan arren, garai desberdinetan okupatu zituzten bizitokiak eta, ondorioz, ez zuten harremanik izan.
Beste zenbait ikertzaileren ustez, bi taldeek topo egin zuten, baina Neanderthalak Würm glaziazioen ondorioz milaka urtez isolatuta egon zirenez, ez zioten elkarri espezie bereko gizakiak izateko antzik hartu. Hirugarren interpretazioaren arabera, Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiek ideiak eta teknologiak trukatu eta ugaltzeko ahaleginak egingo zituztela uste da, baina Neanderthalen isolamenduaren ondorioz ugaltzeko saioa antzua gertatuko zela sumatzen dute.

Badago laugarren proposamena ere eta horixe bultzatu nahi du Joao Zilhaok. Horren arabera, bi taldeek arrakastaz lortuko zuten ugaltzea eta gizaki hibridoen talde berria sortuko zen hortik. Beraz, Neanderthalek gizaki modernoa gauzatzeko eboluzioan parte hartuko zutela proposatzen da. Horrek tupust egiten du paleoantropologo gehienek onartzen duten teoriarekin, Neanderthalak ondorengorik gabe desagertu zirela defendatzen baitute.

1998ko abenduan, 4 urteko ume baten eskeletoa aurkitu zuen Zilhaok gidatutako arkeologo-taldeak Lapedo haranean, Portugalen."Lapedo-ko umea" deitutakoak Neanderthal eta Cro-Magnon gizakien bereizgarri fisikoak ditu Zilhaoren esanetan. Esate baterako, baraila eta hortzak gizaki modernoarenak omen ditu, eta femurra eta tibia berriz, Neanderthalak zituenaren modukoak. Datazioen arabera umea orain dela 24.500 urte inguru bizi izango zen. Alegia, Neanderthalak desagertu eta handik 3.000 urtera. Zilhaoren iritziz, Neanderthal eta Cro-Magnon gizakiak elkartu eta horien nahastetik sortutako giza talde hibridoaren ondorengoa litzateke Lapedo-ko umea. Hipotesia astakeriatzat hartu du zenbaitek eta eztabaida asko berotu da.

Autuak aurrera egiteko duen arazo nagusia datu-urritasuna da ordea. Kontuan hartu behar da Neandenthal gizakiak orain 100.000 urtetik 30.000 urte arte bizi izan zirela Europan. Gutxienez 70.000 urtez iraun zuten beraz, eta hala ere, giza talde horri buruzko 100 aztarna baino ez dira aurkitu gaurdaino. Baina ez dira 100 gorputz osorik aurkitu direnak, baizik eta 100 gizoni dagozkien hezur-zatiak. Neanderthal gizakiaren 5 aurpegi besterik ez daude, 3 hezurdura nahiko osoak eta beste 5 zatika. Gainerakoak hezurduraren atal bakan batzuk baino ez dira.

Orain giza talde hibrido bat egon zen ala ez erabakitzeko 4 urteko ume baten eskeletoa besterik ez daukagu. Zaila dirudi horrelako lagin txikitik abiatuta giza talde oso baten berri ematen duen teoria sostengatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila