Standford unibertsitateko (AEB) ikertzaileek frogatu dutenez, larruazala garden bihurtzen da, tartrazina koloratzaile arrunta emanda. Hain zuzen, koloratzaileak izpi ultramoreak eta urdinak xurgatzen ditu, eta, larruazalean emanez gero, txikitu egiten da ehun biologikoek duten uraren eta lipidoen errefrakzio-indizeen arteko diferentzia. Horri esker, larruazalak opakotasuna galtzen du, eta, beraz, azpiko egiturak (odol-hodiak, organoak…) begi hutsez ikusteko aukera ematen du. Esperimentua saguekin egin dute, in vivo.
Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta baieztatu dute tartrazinaren eragina itzulgarria dela, eta saguetan erabili duten dosietan ez dela toxikoa. Izatez, koloratzaile arrunta da, eta elikagaiei kolore horia emateko erabiltzen dai, hala nola paellari eta patata frijituei.
Saguekin egindako esperimentuetan, baieztatu dute gai direla animalien sabela garden bihurtzeko eta organoak eta hesteak ikustea, funtzionamenduan dauden bitartean. Gauza bera buruko larruazalarekin: probatu duten metodoaren bidez, garezurreko odol-hodiak ikus daitezke. Horrenbestez, egitura biologikoak eta haien jarduera aztertzeko eta haietan eragiteko aukera ematen du, modu erraz eta seguruan.
Egileen esanean, esperimentu hauek bidea irekitzen dute erabilera medikorako metodo bat garatzeko. Dagoeneko hasiak dira koloratzaile aproposak bilatzen horretarako.
Elhuyarrek garatutako teknologia