Gerra guztietan bezala, Ruandakoan ere jende asko hil da eta hori da lehen mailako tragedia nagusia. Horrez gain, Ruandako gerra zibilaren eraginez, gorilak ikertzen ari ziren ikerlariek hanka egin behar izan dute, orain dela 25 urte Dian Fossey ikerlariak hasitako ikerketak bertan behera utziz.
Joan den otsailaren 18an Ruandako Fronte Patriotikoko soldaduek Volcano Parke Nazionalean dauden Karisoke Ikerketa Zentrua eta Volcano Albaitari Zentrua suntsitu egin zituztenez, han zeuden ikerlariek beren lekua utzi egin behar izan zuten.
Parkean ia 300 gorila bizi dira, eta Karisoke zentruko zuzendari den Dieter Steklis-en arabera, eme batzuk hilez gero gorila-populazioak nabarmen egingo luke beherantz. Zentru hau Dian Fossey gorila-fundazioak sustatzen du eta bertan 36 eta 18 aleko bi talde aztertzen dira. Hainbeste urtean jasotako datuak ezerezean gera daitezke eta tragedia zientifiko baten aurrean egon gaitezke.