Hormonak oinarri dituen medikamentu batek (enzalutamida) prostatako minbizi aurreratua % 37 gutxitzea lortu du, eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzea. New Yorkeko Memorial Sloan-Kettering Minbizi Zentroak zuzendu du saio klinikoa: 15 herrialdetako ospitaleak eta 1.199 paziente izan dira partaide, besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Klinika. Enzalutamida hormona-tratamendua ahotik hartzen da eta toxikotasun gutxiago du kimioterapiak baino. Saioan prostatako minbizi metastasiko erresistentea zuten pazienteek hartu dute parte (halakoen kasuan, minbiziak garatzen jarraitzen du testosterona oso maila baxuetan mantenduta ere), eta aurrez kimioterapia-tratamendua jasoak. Nafarroako Unibertsitate Klinikako Ignacio Gil Bazo onkologoak adierazi duenez, "emaitza ikusgarriak ikusita, saiakuntza klinikoa epea bete baino lehen eten zen, eta plazeboa hartzen ari ziren pazienteei aukera eman zitzaien enzalutamida hartzeko". The New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dute lana.