Gaur egun ezagutzen diren teknologiekin ezin daiteke Eguzkiak bidaltzen digun energia osoki aprobetxatu, baina Estatu Batuetan egiten ari diren ikerketa batzuen arabera egoera laster aldatuko omen da eta eguzki-energia benetako alternatiba bilakatuko da.
Garatzen ari diren teknologiak ez du Eguzkitik jasotako energia energia elektriko bihurtzen, datorren bezala erabiltzen du. Argi ikusgaia bere horretan erabiliko da etxeak argitzeko eta espektroaren gainontzeko osagaiak —infragorria,...— energia elektriko bilakaraziko dira. Sistema horri esker energia asko aurreztu ahal izango da, herrialde garatuetan sortzen den energia elektrikoa etxeak eta eraikinak argiztatzen kontsumitzen baita nagusiki.
Eraikinen teilatuetan kokaturiko aparatu mugikorrek etengabe eguzki-energia jaso eta banatuko dute. Argi ikusgaia zuntz optiko bidez banatu eta garraiatuko da etxeen barnera eta espektroaren beste zatiak energia elektriko bihurtuko dira. Aldi berean, argi naturalaren aldaketak konpentsatzeko eta etxeetako argiztapena konstante izateko, argi artifiziala erabiliko da.