Poluitzaileen eragina gizakiengan


Artic Monitoring and Assessment poluitzaileak gizakiengan aztertu dituen lehen ikerketa zirkunpolarra da. Hain zuzen Artikoko hamar eskualdetako amen odol-laginak aztertu dira.

Aztertutako produktu kimikoak oso iraunkorrak dira, gantzetan metatzen dira eta erraz pasa daitezke amengandik umeengana, bai haurdunaldian eta bai edoskitzaroan. Gainera erraz kanporatu edo metabolizatzen ez direnez, gero eta gehiago kontzentratzen dira animaliengan elika-katean zehar. Kanadako ekialdeko eta Groenlandiako mendebaldeko Artikoko emakumezkoek duten poluzio-maila altuak, besteak beste, itsasoko ugaztunengan, arrain koipetsuengan eta hegazti-arrautzengan oinarritutako elikadura dutela adierazten du.Aurkitu dituzten poluitzaileak DDEa, PCBak eta Chlordane-a dira.


DDEa DDTaren degradazioz sortzen da animali gorputzetan eta ingurugiroan. Estrogenoak mimetizatzen ditu eta gizonezko-hormonen kontrako funtzioa du. Ugalkortasunean, garapenean eta nerbio-sisteman eragin dezake, bai eta minbizia sortu ere.


PCBek neuroportaeran ondorioak eragin ditzakete odol-litroko 10 mikrogramo baino gehiago duten amen haurrengan. Chlordane-a gorputzean substantzia toxikoak sortuz degradatzen den intsektizida da. Gibelean, nerbio-sisteman eta inmunitate-sisteman eragiten ditu kalteak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila