Pluton, orain plutoidea

Pluton, orain plutoidea
2008/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA/ESA/G. Bacon)

Badirudi astronomoek ezin dutela bakean utzi Pluton. Orain dela bi urte eskas, planeten kategoriatik atera, eta planeta nano izendatu zuen Astronomoen Nazioarteko Batasunak. Eta, orain, kategoria berri bat sortu du planeta nanoen barruan: plutoideak. Esan dutenez, plutoideak dira Eguzkiaren inguruan --Neptuno baino orbita handiagoan-- biraka dabiltzan gorputzak. Itxura biribilari eusteko nahikoa masa (eta grabitate-indar) dutenak, eta beren orbitan beste gorputz batzuk dituztenak. Hau da, Plutonen antzeko ezaugarriak dituzten gorputzak dira plutoideak.

Oraingoz, bi plutoide ezagutzen dituzte: Pluton bera, noski, eta Eris. Ezagutzen duten hirugarren planeta nanoa, Zeres, ez da plutoide bat; besteen antzekoa izan arren, Marte eta Jupiter artean baitabil biraka.

Planeta nanoen artean sartu zutenean, eztabaida piztu zen astronomoen artean, eta orain ere sortu da. Astronomo batzuek uste dute ez duela ezer berririk ekartzen horrelako sailkapenak egiteak. Adibidez, Alan Sternek, NASAk Pluton aztertzera bidali zuen New Horizons misioaren ikertzaile nagusiak berak, esan du plutoide izena bezain baliagarria izango litzatekeela 'hemorroide' izena, bata zein bestea sailkapen hutsal baten izenak liratekeelako.

1
245
2008
9
011
Astronomia
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila