Planeta bat 5.000 argi-urtera

Urtarrilean aurkeztu zen jendaurrean inoiz urrunen detektatu den planeta, OGLE-56b. Kalkuluen arabera, Jupiter baino 2,6 bider handiagoa da eta Saturnoren pareko dentsitatea du. Astronomoek uste dute atmosferako tenperatura 2.300 ºC ingurukoa dela eta, ondorioz, burdinazko hodeiak baino ez direla sortzen han. Gugandik 5.000 argi urtera dago eta bere izarretik oso gertu, Merkurio Eguzkitik baino 14 bider gertuago. Hogeita bederatzi ordu aski ditu orbita bat osatzeko.

D.A. Aguilar / Harvard-Smithsonian Center For Astrophysiccs

Gaurdaino ez da izar batetik hain gertu orbitatzen duen planetarik detektatu, baina ez da hori izan astronomoentzat kitzikagarriena, nola aurkitu den baizik. Izan ere, orain arte arrakastarik izan ez duen teknika baten lehen fruitua izan da OGLE-56b. Teknika planeta izarraren aurretik pasa zain egotean datza. Planetak izarraren argia estaltzen du aurretik pasatzean eta astronomoek intentsitate-jaitsiera neurtzen dute.

Teknika hau orain arte exoplanetak bilatzeko erabili dena baino azkarragoa da eta, horrez gain, bilaketak askoz ere urrunago egin daitezke, 160 argi-urtetik haraindi. Ohiko teknikarekin ehun bat planeta detektatu dira eguzki-sistematik kanpo. Baina teknika berriaren lehen arrakastak denbora gutxian beste asko ekarriko dituela iragarri dute batzuek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila