Pirinioetako glaziarren galera azkarra dela berretsi dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

pirinioetako-glaziarren-galera-azkarra-dela-berret
Ossoueko glaziarra, Vignemale mendian. Arg. Eñaut Izagirre

Eñaut Izagirre Estibaritzek eta taldekideek Pirinioetako glaziarren egoerari buruzko azken datuak argitaratu berri dituzte Nature taldeko Regional Environmental Change aldizkarian, irekian. Emaitzak ez du zalantzarako tarterik uzten: Pirinioeako glaziarrak desagertzen ari dira; azkar, gainera.

Zehazki, 2022ko eta 2023 urteetan izandako muturreko masa-galeren inpaktua behatu dute, airetik.  Pirinioetako egungo glaziarrak, tontor garaienen zirku babestuetan daude, baina haien egoera kezkagarria da: azken urteetan beherakada handia izan da, eta glaziarretako punturik altuenetan ere asko mehetu dira, eta hedaduran ere murriztu dira.

Ikertzaileek baieztatu dutenez, 2022ko eta 2023ko urteek inflexio-puntu bereziki zorrotza markatzen dute. Etengabeko gainbehera izan duen hamarkada baten ondoren (2011-2020), glaziarrak nabarmen txikiagoak dira orain, eta izugarri aldatu dute forma, 2011koarekin alderatuta. Zenbait eremu egonkorrago daude aldi baterako, harkaitzen eta elurraren estalkia handitu delako; baina gehien-gehienak, antzina zirenaren adabaki huts bilakatzeko azken etapetan daude. Desagertze-prozesuaren ebidentziak ezin argiagoak direla egiaztatu dute; urtze-prozesuak kolapsoak eragiten ari dira, ura arrakala sakonak sortzen ari da izotzetan…

Gaineratu dute Pirinioetako glaziarrak urtzeak ez duela zuzeneko eraginik itsas mailaren munduko igoeran, baina arroken egonkortasunari eragiten dio, eta arriskuak sortzen ditu. Halaber, ekosisteman ondorio larriak ditu; izan ere, bertan bizi diren espezie estremofiloak desagertzea ekarriko du, eta espezie berriak sartzea. Horrenbestez, ekosistemak eraba aldatuko dira. Azkenik, glaziar horiek galtzeak kultur ondarearen galera ere eragiten duela nabarmendu dute.

 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila