Piratak gene-maparen bila

Gaur egun sendaezintzat jotzen diren gaixotasun askoren etorkizuneko irtenbidea gene maparen deskribapen xehetuan datza. Teoria askoren arabera, iturburu jakinik gabeko gaixotasunen gakoa norberaren geneetan egon liteke eta berau ezagutzea lortzen ez den bitartean, ezingo omen da soluziobiderik eskaini. Iritziak iritzi, ikerlarien ahaleginak norabide honetan doaz eta urte gutxi barru gene-maparen ezagutza normaltzat joko dela uste dute. Horretarako pausoak jende askok uste baino azkarrago ari dira ematen eta Merck&Co. Konpainiak egin duen iragarpena betetzekotan, aurki ikusi eta eskuartean izango ditugu azken bost hilabete hauetako ikerketen emaitzak: 15.000 gene sekuentzia.

Orain dela 5 hilabete Merck&Co. farmazia-laborategiko eta Missouriko Washington Unibertsitateko ikerlariek sutsuki ekin zioten lanari. DNA identifikatzea eta gene sekuentziak horren arabera osatzeak buruhauste asko sortu du, baina azkenean lortu dute hainbeste itxarotako sekuentzia osatzea. Ikerketarako bide berria ireki duela eta, Merck Gene Index izenaz bataiatu duten programak 300.000 gene-sekuentzia identifikatu nahi ditu. Lortuko diren emaitzak Genbank Ikerketa Zentru nagusian aztertuko dira, zehazki gene-garapenaren sekuentziak ikertzen dituen sailean zerrendatuko dituztelarik. Horretarako, 18 hilabetetako epea izango dute Merck&Co.koek.

Aitzitik, albisteak ez du lortu askok espero zuten oihartzun zabala. Mesfidantza nagusitu da ikerlarien artean. Ikerketa Genetikorako Institutuak lortuko dituen emaitzak nork eta nola baliatuko dituen argitzen ez den bitartean, legearen kontra ezezik, etikaren aurka ere joko dutela agertu dute ikerlariek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila