Pinuen hedapena

Askotan besterik uste bada ere, batzuetan eboluzioa oso azkarra izaten da. Horixe da Pinus flexilis izeneko pinuaren kasua. Dena dela, baditu hedapen hori moteldu arazten dituzten etsaiak, Tamiasciurus hudsonicus katagorria esaterako.

Askotan besterik uste bada ere, batzuetan eboluzioa oso azkarra izaten da. Horixe ari zaio gertatzen Iparramerikako Mendi Harritsuetan Pinus flexilis izeneko espezieari. Pinuaren haziak intxaurjale edo Nucifraga columbiana izeneko hegaztiak zabaltzen ditu. Pinudi haietantxe bizi da, ordea, Tamiasciurus hudsonicus izeneko katagorria eta honek ere pinuaren haziak gogoko ditu eta pinu-espeziea hedatzen ez du batere laguntzen.

Dena den, eboluzioan zehar zuhaitzek pinaburu handi, gogor eta hazi gutxikoak sortu dituztelako katagorriek alde batera uzten dituzte. Intxaurjalearentzat ere pinaburu hauek ez dira hain interesgarriak, eta ondorioz pinudiak ez dira asko hedatu. Arro Handian ordea, katagorria orain dela 12.000 urte galdu zen eta pinuek berehala sortu zituzten pinaburu txikiagoak, bigunagoak eta hazi askokoak. Intxaurjaleen lana erosoagoa da, beraz, eta haziak erraz sakabanatzen dira. 12.000 urtetan hautespen naturalak bizkor egin du lan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila