Pinu-zerrautsetik abiatuta energia metatzeko sistema jasangarri eta merke bat sortu dute

pinu-zerrautsetik-abiatuta-energia-metatzeko-siste
Idoia Ruiz de Larramendi Villanueva eta Eider Goikolea Nuñez Egoera Solidoaren eta Materialen Ikerketa Taldeko ikertzaileak energia metatzeko materialak garatzen aritzen dira. Arg. Mitxi, UPV/EHU

Pinu-hondakinetatik sortutako ikatzak erabiliz energia metatzeko superkondentsadore hibrido bat sortu dute EHUko ikertzaile batzuek. Elektrodoak sortzeko, prozesu jasangarri eta merkeak erabili dituzte. Emaitzek agerian utzi dute biomasatik eratorritako materialek ezaugarri bikainak dituztela potentzia handiko energia biltegiratzeko sistema ekologiko eta merkeak lortzeko. Journal of Power aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Energia elektrokimikoa biltegiratzeko materialak garatzen aritzen dira Egoera Solidoaren eta Materialen Ikerketa Taldean (EHU). Kasu honetan, intsinis pinuen zerrautsarekin ikatzak prestatu dituzte, haiekin elektrodoak sortzeko. Euskal Herriko aroztegietan oso ohikoa da zerrauts hori; ez da ezertarako erabiltzen, eta karbono-eduki handia du.

Energia biltegiratzeko, besteak beste, bateriak eta superkondentsadoreak erabiltzen dira. Superkondentsadoreek bateriek baino energia gutxiago gordetzeko gaitasuna dute, baina une jakin batean energia-kantitate handiagoa emateko gai dira. Ikerketa honetan, litio ioien gailu hibrido bat garatu dute. Aipatutako sistema bien abantailak ditu: energia handia meta daiteke (baterietan bezala), potentzia handietan funtziona dezake eta karga-deskarga ziklo asko jasateko gai da (superkondentsadoreek bezala). Horretarako, bateria-motako elektrodo bat eta superkondentsadore-motako elektrodo bat konbinatu dituzte gailu berean.

Biomasa guztiek ez dute ematen aplikazio horretarako egokiak diren ikatzak, baina EHUko ikertzaileek frogatu dute intsinis pinuaren biomasak oso emaitza onak ematen dituela. Elektrodoetako bat ikatz gogorrez egin dute eta bestea ikatz aktibatuz. Ikerketan, bestalde, garrantzi handia eman diote elektrodoak sortzeko prozesu ekonomiko eta jasangarriak erabiltzeari. Elektrodoak sortzeko prozesua energetikoki efizientea izan da. Sintesi-tenperaturek ez zituzten 700 °C-ak gainditu, eta aditibo merkeak erabili zituzten.

Lan honek agerian utzi du inguruko biomasa erabilita oso emaitza onak lortu direla, eta alternatiba errentagarri eta jasangarria direla litio ioizko kondentsadore konbentzionalak hobetzeko. Horregatik, ikertzaileek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela arlo horretan ikertzen jarraitzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila