Belaunaldi berriko eguzki-panelei bultzada eman diezaiekeen ikerketa argitaratu du Nature Photonics aldizkariak. Silizioa perovskita materialez ordezkatzeko helburuz, perovskita-geruza homogeneoagoak egiteko moduak bilatzen ari ziren, baina Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak ustekabean konturatu dira nolabaiteko desordena kimikoak haien eraginkortasuna handitzen duela. Izan ere, desordena horretan, perovskita-xaflan konposizio desberdineko guneak sortzen direla ikusi dute, nolabaiteko haranak eta mendiak, karga-eramaleak hobeto harrapa ditzaketenak. Nahaste-maila egokia identifikatu beharko dute orain.
Azken hamarkadan, perovskita materialak indar handiz sartu dira, horiek sortzeko behar diren berun-gatzak askoz ere ugariagoak eta merkeagoak direlakoan eguzki-zelula arruntak egiteko erabiltzen den silizio kristalinoa baino. Tinta likido soil batean prestatu daitezke, inprimatu eta materialaren geruza bat sortzeko. Orain, egitura guztiz ordenatuen beharrik ez dagoela argitu izanak, are gehiago sinplifikatuko du haien fabrikazioa.
Perovskitak badu arazorik ebazteko –hezetasunarekiko sentikorra da eta denborarekin aldatuz doa bere egitura–, baina aukera berriak ere ekar ditzakeela adierazi dute lanaren egileek. Perovskita-geruza fin-fina nahikoa denez silizioaren pareko eraginkortasuna lortzeko, leihoetan jartzeko aukera aztertzen ari dira. Gainera, kolore desberdineko bi perovskita-geruza gainezartzeko aukera ikertzen ari dira, hobeto aprobetxa dezaten eguzki-argiaren espektroa.
Elhuyarrek garatutako teknologia