Parkinson gaixotasunak jotakoen itxaropena

Parkinson gaixotasunaren inguruko ikerketak urrats garrantzitsua eman du aurrerantz. Kaliforniako ikerlari-talde batek dioenez, garunean txertatutako nerbio-zelulak bizirik irauteko era aurkitu du. Fetoen nerbio-zelulak txertatzeak Parkinson-sintomak txikiago ditzakete, baina era honetan txertaturiko zelula gehienak hil egiten dira.

San Diego-n dagoen Kaliforniako unibertsitateko Fred Gage-k zuzendutako ikerlari-talde batek arratoien fetoetatik nerbio-zelulak kendu eta arratoien garunetan txertatu ditu. Aldi berean, injinerutza genetikoaren bidez tratatutako azal-zelulak txertatu zituzten, hauek produzitutako osagai kimikoek nerbio-zelulei gainditzeko aukerak ematen dizkiotelarik.

Metodo honen bidez bizirik irautea lortzen duen neurona-kopurua zortzi eta hamar aldiz handiagoa da. Dena den, jendearekin saiakuntzak egiten hasi aurretik animalia gehiagorekin egin beharko dira.

Parkinson-a “substantzia nigra” deituriko garunaren zatiko nerbio-zelulak hiltzeagatik sortzen da. Zelula hauek nerbio-sistemako beste zelula batzuekin dopamina izeneko substantzia baten bidez erlazionatzen dira. Zelulak hil ahala, dopamina-maila txikiagotu egiten da eta ondorioz, muskuluak aholdu eta zurrundu egiten dira. Orain arte dagoen tratamendurik arrakastatsuena L-dopa izeneko botika da.

Azken urteotan, Parkinson-a tratatzeko medikuek dopamina produzitzen duten nerbio zelulak gaixoaren garunera sartu izan dute. Nerbio-zelulak abortatutako fetuetatik atera izan dira, baina teknika horrek oso arrakasta eskasa izan du, txertatutako zeluletatik % 98 hil egiten baita. Orain arte 200 gaixotik gora tratatu dira eta hauetatik, % 10ek bakarrik izan dute hobakuntzaren bat. Txertaketa bakoitzeko, bestalde, zazpi fetu behar izaten dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila