Telebistako eta ordenadoreetako pantailek igortzen duten erradiazioaren aurrean babestu beharraz sarritan hitz egin izan da. Alabaina, ez da irtenbide egokirik aurkitu, besteak beste, erradiazio horiek giza osasunari kalterik egiten ote dioten ez delako erabat baieztatu orain arte. Berriki aldiz, Elektrobiomagnetismoko Europako Elkarteak goi bilera egin du eta igorpen horien arriskuaz ahobatez mintzatu dira bertara bildutako aditu guztiak. Badago beraz, susmorik izateko arrazoia.
Poitiers-eko Ospitale Unibertsitarioko ikertzaileek baieztatu dutenez, pantailaren baten aurrean jarraian bi ordu baino gehiago pasa eta gero, ikusmen- eta kontzentrazio arazoak sortzen dira. Hori irakurle, ezaguna izango zaizu, beharbada zuri ere maiz gertatu zaizulako. Ikerketa horien arabera bada, horren guztiaren eragilea pantailek igortzen duten erradiazioa omen da; are gehiago, maila batetik gora, erradiazio horrek hainbat hormonen funtzionamendu egokia galeraz dezake, arratoiekin laborategian egindako saioez baieztatu ahal izan denez.
Arestian aipatu dugun goi-bileran arazo horren irtenbidea izan daitekeen babes mekanismoa aurkeztu zuten. Tecnosphére izeneko enpresak egindako Tecno AO izeneko antenak telebistako edo ordenadoreko pantailak igortzen duen erradiazio eremua modulatu egiten du, uhinek giza osasunari eragiten dioten kaltea murriztuz. Goi bileran parte hartu zutenen artean ez zen antenaren eraginkortasunari buruzko erabateko onespenik lortu, baina ikerketa-lerro horren balioaz zalantzarik gabe mintzatu ziren. Adi beraz, hurrengo hilabeteetan kaleratuko diren albisteei.