Orain arte gutxietsia izan den substantzia kimiko batek, Haloi 1202ak, Ozono-geruzaren berreskuratzea atzera dezake hurrengo bi hamarkadetan. Haloiek atmosferaren ozono-geruza hondatzen dute, hidrofluorokarburoek bezala, beren osagaietan Bromoa baitute, Kloroaren antzera Ozonoarekin erreakzionatzen duena. Horregatik 1994ko Montrealgo Protokoloan herri aurreratuetan substantzia hauek ekoiztea debekatu egin zen, eta garatu gabeko herrietan 2010. urterako debekaturik egongo da.
Haloien ekoizle nagusiak ordea, India, Txina eta Hego Korea dira, garapen bidean dauden herriak. Haloi 1202 substantzia beste haloiak baino askoz gutxiagotan agertu izan da atmosferan, baina azken urteetan sekulako hazkundea du; urtero % 5ekoa hain zuzen ere. Substantzia honen hazkundearen arrazoia ez dago batere argi: batzuen ustez Txinan su-itzalgailu txikiak egiteko erabiltzen den haloi 1211-aren azpiproduktua da, eta beste batzuen ustez hegazkin eta tanke militarretako sua itzaltzeko sistemak egiteko erabiltzen hasi da.