Ozeano Barean barreiaturiko irletan bizi direnak izuturik daude Lurra oro har berotzen ari delako. Izan ere berotze horren ondorioz poloetako izotzak urtu egingo bait lirateke. Beraz, itsas maila igo eta kostaldeko lurrak urpean gelditzeko arriskutan leudeke.
Itsas maila zein abiaduraz igoko den eta zenbat igoko den zehazteko orduan ordea, adituak ez datoz bat. Ozeano Bareko irletan, aipatutako bi datu horiek (zenbat igo eta zein abiaduraz) oso garrantzitsutzat dauzkate. Batzuek diotenez, itsas maila 4 metro igoko da eta horren arabera Marshall, Tuvalu eta Kiribati eta Polinesiako hainbat eta hainbat irla erabat desagertu egingo lirateke. Ezer urgainean geratuko balitz ere, ekaitza legokeen bakoitzean uhinek dena azpian hartuko lukete.
Ozeano Bareko biztanleek diotenez, erregai fosilez hiru mendetan zehar Ipar Hemisferioan egindako gehiegikerien ondorioak berak ari dira jasaten; irla haietako biztanleek ez bait dute inoiz beren ingurugiroa kaltetu. Horregatik, koralezko arrezifeek eta manglediek itsas mailaren igotzearen kontrako erremedioa eskain dezakete. Milaka urtetan izan ere, koralezko arrezifeek asmatu dute itsas mailaren aldaketara egokitzen eta beren oinarri zen irla bolkanikoa hondoratu arren, iraun egin dute. Mangledian (mangle izeneko zuhaitzez osaturiko oihanean) arbolen sustraiak urpean ala urgainean egoten dira marearen arabera. Manglea hain zuzen, sedimentuak finkatuz gai da mailaz azkar igotzeko. Gainera ekaitzetan uhinak urratzen dituen babes ezin hobea da.
Biologoen gomendioei batere jaramonik egin gabe, babes natural hauen kontrako erasoa etengabea izan da. Hondartza turistiko berriak egin dira, zangak ireki, portuak eraiki, produktu toxikoak isuri, industriak ezarri, zaborrak pilatu, etab. Guzti horrek koralezko arrezifeei eta manglediei kalte izugarria egin die. Manglediak adibidez hiri inguruetan bota egin dira eltxoak eta biltzen zituztenaren aitzakiaz.
Egokia litzateke bada, madreporak eta mangleak salbatzen saiatzea eta, biologoen laguntzaz, desegin direnak berpizten ahalegintzea.