Ozeano Antartikoan ustekabeko altxorra

Ozeano Antartikoan ustekabeko altxorra
2007/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: A. Rose & W. Brökeland)

Ozeano Antartikoko ur sakonak ongi aztertzearren, ANDEEP izeneko proiektua jarri zuen martxan nazioarteko zientzialari-talde batek. 2002 eta 2005 urteen artean, hiru espedizio egin zituzten. Oparotasun handia aurkitu zuten ur sakon haietan: 1.400 espezietik gora topatu zituzten, eta haietatik 700 inguru inoiz deskribatu gabeko espezie berriak ziren.

Ordura arte inork ez zuen ikerketa zehatzik egin ur sakon haietako bizidun-aniztasuna aztertzeko. Baina aurreikuspen guztiek adierazten zuten aniztasuna oso txikia izango zela, bizitzeko baldintzak oso gogorrak direlako.

Aurkikuntza horren bidez, beraz, hainbat urtean egiatzat jotzen zen ideia bat ezeztatu dute. Horretaz gain, beste zenbait gauza deskubritu dituzte. Ikusi dute Ozeano Antartikoko sakoneko bizidun batzuek antza dutela bai itsaso bereko azaleko uretako bizidunekin, eta bai munduko beste ozeano batzuetako sakoneko bizidunekin.

Antzekotasun horiek historian zehar gertatu diren bizidun-mugimenduen berri ematen dute. Batetik, historiaren uneren batean, Ozeano Antartikoko sakoneko bizidunak azalera atera ziren, edo alderantziz; eta, bestetik, ikusi dute mundu guztiko ozeanoetako sakoneko urak nahasi egiten direla etengabe.

1
233
2007
7
010
Zoologia; Ozeanografia
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila