Ötzi-k mozorroa kendu du

Zein itxura zuen izotzetako gizonak? Bere gorpuzkinen azkeneko ikerketek tankera berria eman diote. Ötzik, itxuraz aldatu eta behar bezalako fisonomia lortu du...
Elisabeth Daynes dermoplastikariak Ötziren itxura aldatu ondoren, jada ez da gizon bera izango. Kopeta zabala, sudur luzea, masail sakonak eta ezpain meheak: orain urte batzuk John Gurch iparamerikarrak eman zion aurpegi zakar eta nabariarekin zerikusirik ez dauka.


5.300 urtean ondo mantendutako izotzetako gizaki ospetsua hotzak eta haizeak hondaturiko errai, hezur eta azalaz osaturiko 13 kg-ko gozpuzkina zen, 1991ko irailean Ötzalgo alpeetako mendi-multzoan aurkitu zutenean. Zaila zen benetan bere fisonomiaz ezer jakitea izotzaren presioak eskeletoa desitxuratu egin baitzuen.


Neolitoko gizon honen morfologia ezagutzeko ikerketa ugari egin dira: erradiografiak, eskanerrak, ADNaren azterketak. 3Dn eginiko "zuzendutako" garezurrean (Innsbruck-eko (Austriako) Unibertsitateko patologia-anatomiako institutuak egindakoan, eta antropomorfologiako ereduetan, Frantziako Gendarmeria Nazionaleko kriminal-ikerkuntzarako institutuko Jean-Noël Vignal-ek neurtutakoetan) oinarritu du bere lana Elisabeth Daynesek.


Baliabide teknologikook ez zuten balio izan antzinako gizakiaren irudiari buruzko aurreiritziak saihesteko. Hasieran Ötziren tankera "historiaurreko gizakiari", aurpegi zakarrekoari, dagokiona zen. Azkenekoan, berriz, egun Neolitoari buruz, alegia, gizateriaren historiaren elkarguneari buruz, adituek duten ikuskerarekin bat datorren gizaki modernoaren itxura du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila