Osasunaren egoera 1998

Osasunaren Mundu Erakundea baikor agertu da urtero egin ohi duen txosten nagusia argitara emateko orduan: Munduaren osasun-egoerari buruzko urteroko txostena da lanaren izenburua eta, ohi bezala, aurtengo hitu nagusiak biltzen ditu bertan. Bizi itxaropena luzatzeko joera antzematen du OMEk eta hori nabarmen agertuko da 2025. urtetik aurrera: gaur egun 66 urte luze da, batez beste, munduko herritarron bizialdia eta urte horretatik aurrera, 28 urte barru, beraz, 73 izango omen da.

Joera hori ez da berdin nabarmenduko herrialde garatuetan eta garapen-bidean dauden herrietan. Hiroshi Nakajimak, Osasunaren Mundu Erakundeko buruak, esan duenez, gaur egun hirugarren munduan lau herritarretatik hiru 50 urte bete baino lehen hiltzen da. Hona beste datu kezkagarri bat: 10 milioi ume hilko dira aurten bertan bost urte bete aurretik.

Baikor agertzearen zergatia, berriz, medikuntzak aurrera egin izana da. Osasunaren Mundu Erakundetik diotenez, historian lehen aldiz medikuntzaren aurrerapenak ia herritar gehienen esku daudela esan daiteke, oraindik, arestian esan dugun legez, alde handia badago ere. Txertoak gero eta ugariagoak dira eta merkeagoak, gainera; prebentzioan jauzi kualitatibo garrantzitsua gertatu da eta horri esker duela harmakada gutxira arte erabat hilkorrak ziren gaitzak gaur egun trata daitezke.

Horiek horrela, 2025. urterako osasuntsuagoa izango da Lur planeta honen populazioa, bi hankako animaliona, behintzat. Bitartean, iaz infekzio-motak gailendu ziren heriotzaren rankinean: ia 18 milioi lagun hil ziren infekzioek kutsatuta. Ondoren bihotzeko gaixotasunak datoz, ia 16 milioi hildako eragin zutenak; minbizia hirugarren tokian, ia 7 milioi hildakorekin eta istripu zein gertakari biolentoetan hildakoak ia 2 milioi.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila