Elhuyar Fundazioa
Geure buruari askotan egindako galderari erantzuteko balioko du aurtengo PCExpo-n aurkeztutako txartelak: zergatik erosi behar dut ordenagailu berria hiru urtetik behin? PowerLeap enpresaren Renaissance/370s txartelaren bidez oso erraza da zure ordenagailu zaharra eguneratzea: plaka bakarrean sistema osoa dakar integratuta, eta nahikoa da ISA slot batean txartel hau sartu eta disko gogor, diskete eta abarreko kableak hona konektatzea gure 286 zaharra Pentium III bihurtzeko. Ez dugu gure ordenagailuko plaka nagusia kendu beharrik izango, besterik gabe desaktibaturik geldituko da. Plaka berri horretan, memoria, txartel grafikoa, soinu-txartela eta Ethernet txartela integratuta datoz, eta ISA porturik ez dutenek USB bidez ere konekta dezakete. Informazio gehiago nahi izanez gero: http://www.powerleap.com