Omicron aldaera delta baino errazago kutsatzen dela frogatu dute Kantabrian, eta horren zergatia aztertu

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

omicron-aldaera-delta-baino-errazago-kutsatzen-del
Arg. Manuel Alvarez/Pixabay

Kantabriako Osasun Publikoko ikertzaileek omicron aldaeraren bigarren mailako eraso-tasa, hau da, infektatu baten kontaktu estuetan zenbat kasu agertzen diren (SAR), transmisioa, inkubazio-denbora eta serie-tartea kalkulatu dituzte, eta delta aldaerarenarekin alderatu dituzte. Hala, ikusi dute omicronen transmisioa handiagoa dela (omicronen SAR % 39-koa da, eta deltarena, berriz, % 26), eta joera handiagoa duela infekzio asintomatikorako. Isolamendu-denbora laburtu daitekeela ere ondorioaztatu dute.

Adrian Hugo Aginagalde Llorente da ikertzaileetako bat, eta, azpimarratu duenez, azterketak agerian utzi du omicronekin kutsatzeko arriskurik handiena sintomak agertu aurretik izaten dela. Hori horrela, kutsatze-kateei jarraipena egitea eta moztea zaildu egiten da, infektatutako pertsona ez baita garaiz isolatzen, eta kontaktu estuei ere berandu iristen zaie ohartarazpena.

Horrekin batera, infektatutakoek denbora gutxiago behar kutsakor izateko: “Ikusi dugu sintomak izaten hasi eta bost egun igarota, asko jaisten dela birusa transmititzeko arriskua. Beraz, bataz beste, seigarren egunean kalera ateratzea izango luke. Protokoloak, hala ere, isolamenduak zazpi egunekoa izan behar duela zehazten du”, adierazi du Aginagaldek. Hori bai: murriztekotan, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta egin dezakete.

Beste ondorio bat ere atera dute: behin infektatuta, txertatutako pertsonek txertatu gabeen pareko arriskua dute birusa transmititzeko. “Alegia, ez dugu ikusi txertatutakoek transmisio txikiagoa dutenik. Alde horretatik, berdin da txertatuta edo txertatu gabe egotea”.

Faktore horiek guztiek, hau da, asko asintomatikoak izatea, kutsatzeko arriskurik handiena sintomak agertu aurretik izatea, eta txertatutakoek txertatu gabeek bezainbeste kutsatzea, lagundu dute omicron aldaera hain erraz hedatzea. “Baliteke arrazoi biologikoak ere egotea hain hedatze azkarra azaltzeko. Adibidez, baieztatu da gehiago erreplikatzen dela arnas aparatuaren goialdean, biriketan baino, eta horrek ere erraztu lezake transmisioa. Baina beste faktoreek eragin zuzena dute, zaildu egiten baitute aurre hartzea, adibidez, garaiz isolatuta, infektatuta egonez gero, edo neurri ez-farmakologikoak zorroztuta, kontaktu estua izateko susmoa izanez gero”.

Hain zuzen, ikerketak erakutsi du omikron bidezko kutsatzeen erdiak sintomak agertu baino lehen gertatu zirela. Horrek esan nahi du kasu sintomatikoak detektatzeko neurri ez-farmazeutikoen eraginkortasuna (adibidez, kontaktuen jarraipena, test azkarrak eta isolamendua) nabarmen murrizten direla, ez badira beste neurri batzuk hartzen distantzia bermatzeko eta jende gehiegi elkartzea saihesteko. 

Azkenik, horrelako ikerketen balioa nabarmendu du Aginagaldek, erabakiak datu zientifikoetan hartzea ahalbidetzen baitute.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila