Aiako Harriko parke naturala, Jaizkibel eta Oarsoaldea daude ikusgai Oiartzungo Luberri Ikasgune Geologikoak eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Geologia Sailak egindako mapa geologikoan. Hiru dimentsioko mapa koloretsu bat da, eta eremu horretako ondare geologiko nahiz paleontologiko aberatsa erakusten du. Gipuzkoako arrokarik zaharrenak eta euskal geografian azaleratu ziren arroka zaharrenetako batzuk biltzen ditu, eta aukera ematen du historia geologikoan 400 milioi urte atzera egiteko.