Ohikoak baino ehun aldiz azkarrago kargatzen diren bateriak sortu dituzte

Ohikoak baino ehun aldiz azkarrago kargatzen diren bateriak sortu dituzte
2011/05/01 | Elhuyar
Bateria berriekin, ohiko autoak erregaiz betetzeko beharrezko denbora nahikoa litzateke auto elektrikoak kargatzeko. Arg.: Oihane Lakar.

Baterien katodoak egiteko modu berri bat garatu dute Illinois Unibertsitatean: metaketa-lana egiten duen materialaren geruza mehe-meheak hiru dimentsioko egitura batean jartzea. Hala, abiadura handian kargatu eta deskargatu daiteke, ohikoak baino ehun aldiz azkarrago. Izan ere, elektroiek eta ioiek ez dute oso material-geruza lodietan barrura egin behar (ohiko baterietan horixe da kargatze-denbora luzatzen duena). Hiru dimentsioko egiturari esker, gainera, elektrizitate asko metatu eta eman dezakete.

Ikertzaileek esan dutenez, katodo berri horiek "kondentsadoreen antzera ematen dute elektrizitatea, baina bateriek adina eman dezakete". Izan ere, kondentsadoreek oso azkar ematen dute elektrizitate-kantitate handia, baina elektrizitatea metatzeko gaitasun mugatua dute oso. Ohiko bateriei, berriz, kontrakoa gertatzen zaie: nahikoa energia metatu dezakete, baina denbora-tarte jakin bat behar dute bai emateko, bai hartzeko. "Bi ezaugarriek bat egiten dute katodo berrietan", esan dute ikertzaileek.

Katodoaren material aktiboa jartzeko egitura nikelez egin dute Illinoisko ikertzaileek. Lehenik, 400 nanometrotik 2 mikrometrora bitarteko poliestirenozko esfera txiki batzuk pilatu zituzten, eta egitura erregular bat sortu. Ondoren, nikela txertatu zuten egituran gelditu ziren zulo eta poroetan, eta, horren atzetik, poliestirenozko esferak urtu eta atera egin zituzten. Hala, metalezko egitura porotsu bat lortu zuten. Egitura hori pixka bat jan zuten, zulo eta tarteak handiagoak izan zitezen, eta orduan estali zuten material aktiboarekin. Nature nanotechnology aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

1
275
2011
5
009
Biokimika; Osasuna; Medikuntza
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila