Odol artifiziala lortzeko pauso garrantzitsua eman dute

Odol artifiziala lortzeko pauso garrantzitsua eman dute
2011/03/01 | Elhuyar
Globulu gorri sintetikoak. Arg.: T. Merkel eta J. DeSimone/Ipar Carolinako Unib.

Odoleko globulu gorriak imitatzen dituzten partikulak egitea lortu dute Ipar Carolinako Unibertsitateko ikertzaileek. Odol artifiziala lortzeko bidean erronka handienetako bat izan da globulu gorrien parekoak lortzea, zelula horiek dituzten funtzioak eta ezaugarriak oso bereziak baitira, eta laborategian sortzeko zailak. Orain, baina, aurrerapauso handia eman dutela adierazi dute.

Horretarako, PRINT teknologia erabili dute. Teknologia horren bidez, aurrena moldeak sortu dituzte, eta gero hidrogelez bete dituzte. Horrela, globulu gorrien itxura, neurria eta malgutasuna duten hidrogelezko milaka partikula egin dituzte.

Saguetan egindako probetan ikusi dute partikula malguenek ia 100 ordu irauten dutela zirkulazioan, gorputzak kanporatu baino lehen. Globulu gorriek 120 eguneko bizialdia izaten dute, eta, malgutasuna galdu ahala, gorputzak desegin egiten ditu, barean. Orain arte egin dituzten saiakeretan, globulu gorrien imitazioek apenas irauten zuten ordu gutxi batzuk, zurrunegiak baitziren. Oraingoek 30 aldiz gehiago irauten dute, eta, gainera, egiazko globulu gorriak bezala, barearen bitartez kanporatzen ditu gorputzak.

Oraindik ez dituzte probak egin ikusteko baliagarriak ote diren oxigenoa edo sendagaiak garraiatzeko, baina ikertzaileak baiezkoan daude. Are gehiago: minbiziaren aurkako tratamenduan "bereziki erabilgarriak" izan daitezkeela uste dute.

1
273
2011
3
002
Nanoteknologia; Medikuntza
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila